‘Konposta Araba’ sarea martxan dago hondakin organikoen eraginkortasuna hobetzeko

Arabako Foru Aldundiak Konposta Araba sare berria jarri du abian, lurraldean hondakinen arloan eskumena duten erakunde guztiak biltzen dituena, lurraldean hondakin organikoen zatikiaren kudeaketaren ezagutza partekatzeko eta eraginkortasuna hobetzeko.

Frakzio organikoaren tratamendua (elikagaien hondarrak eta inausketak) nabarmen hobetu da azken urteotan, 2017ko jauzi kualitatiboaren ondoren, Arabako herrietan konpostaje indibidual eta komunitarioko sistemak martxan jarri baitira. Mota horretako hondakinen birziklatze-tasa %16koa izan zen 2019an eta %13koa 2018an.

Baina atzera begiratzen badugu eta azken hamarkadako bilakaerari erreparatzen badiogu, hobekuntza oso nabarmena dela ikusiko dugu; izan ere, 2010ean sortutako hondakinen %3 baino ez zen behar bezala bereizten. Hala ere, hobetzeko tarte handiena duen hondakinen zatia ere bada, eta, beraz, “funtsezkoa da Europako helburuak lortzeko”, Josean Galera Ingurumen diputatuak gogorarazi duenez.

Hori dela eta, Arabako Foru Aldundiak inplikatutako eragile guztien arteko topagune berri bat sortzearen aldeko apustua egin du. Gune horrek, gainera, laguntza teknikoa emango du Arabako herriek biohondakinak kudeatzeko sistemak hobetzeko izan ditzaketen zalantza, eskaera eta beharrizanei aurre egiteko.

Esperientziak ikastea eta trukatzea

Datozen hilabeteetan, Arabako Konpostak hainbat prestakuntza-jardunaldi eta esperientzia-trukaketa antolatuko ditu. Hala, martxoan, Arabako abeltzainei beren eremuko hondakin organikoen bilketan eta ondorengo kudeaketan parte hartzeko aukera eman dien proiektu-pilotua aurkeztuko da, ustiategietako simaurrarekin batera. Esperientzia horretan ikastetxeek eta beste sortzaile handi batzuek ere parte hartu dute, eta jantokietako hondakinak jaso dituzte konpostajerako eta ondoren labore ekologikoetan erabiltzeko.

Besteak beste, konpostaje-eredu bat ezartzeko, inausketa-hondarrak prozesu horietan beharrezko egituratzaile gisa txertatzeko eta konpostari eman diezaiokegun erabilera aztertzeko saio teknikoak ere izango dira.

Iturria: gasteizberri.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude