LakuaKolore baratzeetan parte hartzeko informazio bilerak

Azkenean, burokrazia guztia bete eta gero, Ekoburuz elkarte ekokulturalak bultzatutako LakuaKolore proiektua abian jarriko da. Urteak daramatzagu bilera luzeetan eztabaidan, antolatzen, paperak betetzen…

Apirilaren 11n, prentsaurreko batean Gasteizko Udalak jakinarazi zuen Lakuako baratze kolektiboen kudeaketa Ekoburuz elkarte ekokulturalari esleitu diola. Kudeaketa horren lehenengo pausoak emate aldera, baratzeetan parte hartu nahi dutenei deialdia zabalduko diegu bi informazio bilera bidez. Hortaz, baratzeetan parte hartu nahi duen orok izena eman beharko du. Bilera horietan azalduko da batetik, baratzeetan funtzionatzeko era; bestetik, baratzeen esleitze prozesua nola izango den eta izena emateko zer egin behar den. Ahalik eta jende gehien etor dadin, bilera bat astean zehar egingo dugu, eta bestea asteburuan.

Esan beharra dago bilera datak jartzea ez dela batere erraza izan; izan ere, Udalak noiz jakinaraziko eta esleituko zain izan gara. Bestalde, baratzeetan lanean lehenbailehen hasi nahiko genuke (ia ezinezkoa den arren, udako laboreak maiatzean landatu beharko genituzke!). Aipatutakoa gutxi balitz, bilera aretoa libre egon behar zuen bilera antolatu ahal izateko. Hori guztia dela eta, denboraz estu gabiltza eta estutasun hori zuek ere antzemango duzue. Sentitzen dugu izena emateko epea hain laburra izatea. Inork ez badauka bilera hauetara etortzerik, saiatuko gara eskatzen duenari informazioa zabaltzen, modu batean edo bestean.

Aipatutako bilerak Ibaiondoko Gizarte etxeko Erabilera Anitzeko aretoan izango dira:

Apirilaren 14a, larunbatarekin, 11:30etik 13:00etara

Apirilaren 17a, asteartearekin, 19:00etatik 20:30era

Han izango gara, ahalik eta informazio gehien zabaltzeko asmoz. Kontuan izan, hori bai, proiektua guztiz bizia eta berria dela; hortaz, haziz doan heinean, parte hartzaile guztiek diseinatu beharreko egitasmoa dela.

Zuen zain izango gaituzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude